Back to Top

Euskal Pilota Egokitua Master Cup Irekiaren emaitzak

 

2021-ko edizioaren lehenengo emaitzak

Jarraian dituzue 2021ko Euskal Pilota Egokitua Master Cup Irekiaren emaitzak.
Adimen urritasun mailan finala Sagarmendi- Arizkorreta eta Huegun - Arakiztan bikoteak osatuko dute. Aldiz, gurpildun mailan finala Yan Meuneir Maix - Cabanne eta Altuna Lizaso kojatuko dute. Emaitza guztiak ondoreko estekan:

Gurpil mailaren emaitzak
Adimen urritasuna maila emaitzak

Emakume Master Cup


 

Eraginkorraz gain, euskal pilota egokitua erakargarria ere badela erakutsi du Errenterian

Agustina Otaola pilotalekua txiki geratu da eta 100 pilotazale inguruk kanpoan geratu behar izan dute


Aspaldi ikusi zuen Mindara elkarteko bultzatzaileetako bat izan zen Mikel Izagirrek euskal pilota inklusiorako tresna eraginkorrenetako bat zela, gaur, Errenteriako bere herriak omenaldi xume eta sentitu bat eskaini dion egunean, tresna hori eraginkorra ez ezik, erakargarria, oso erakargarria ere izan daitekeela berretsi da txiki geratu den Agustina Otaola pilotalekuan. Izan ere, osasun pandemia dela eta hartu beharreko neurriengatik, 155 ikuslek baino ezin izan dute pilotalekura sartu eta nahikotxo izan dira kanpoan geratu behar izan duten pilotazaleak. Eta jende horren babesean, Leire Esnal-Eneko Sagarmendi eta Aingeru Senperena-Mikel Merinok jantzi dituzte Euskal Pilota Egokitua LABORAL KUTXA Sari Nagusiaren txapelak.

Hori bai, oso final desberdinak izan dira Errenterian ikusitakoak. Adimen urritasuna duten pilotarien finalean, uste baino errazago defendatu ahal izan dituzte iaz lortutako txapelak Iñaki Divasson-Xabier Arizkorretari 25-11 irabazita. Bikote sendoa, oso sendoa osatzen dute Zumaiako aurrelari ezkerrak eta etxean jokatu duen atzelariak, 2016an Gipuzkoako txapela elkarrekin lortu zutenetik asko jokatu dute elkarrekin, eta gaur ere maila bikainean aritu dira, finaletan behar den bezala apenas kalerik batu gabe eta erasoan eraginkor arituta. Iñaki Divasson eta Xabier Arizkorreta, aldiz, 4-5 aurreratu badira ere, euren mailarik onenetik urrun aritu dira, urduritasunak asko eragin die eta ez dute partidaren sartzerik lortu. Kantxako euren posizioak aldatuta erreakzio txiki bat izan duten arren, urrun geratu dira txapeletik.

Oso bestelakoa izan da urritasun fisikoa duten pilotarien arteko finala, hemen oreka eta emozioa amaierara arte protagonista izan dira partidan zehar zenbait gorabehera izan arren eta pilotazaleak txundituta geratu dira, mugan muga, lau pilotariek erakutsitako joko eta gaitasunekin. Azkenean, Aingeru Senperena eta Mikel Merinok jantzi dituzte txapelak, Hilario Olano eta Beñat Lizasori 22-25 gailenduta. Edozein modalitatetan, binakako partidetan oso garrantzitsua izan ohi da bikoteek bikotea osatzea, elkar ondo ulertu eta esfortzuak elkarbanatzea, eta hori izan da, hein handi batean bidaniarraren eta donostiarraren garaipenaren giltza. Gorrien artean, berriz, maila bikaina eman duen Beñat Lizasori azkenerako lanak pilatu zaizkio eta ezin izan diote erditik aurrera oso zail jarri zaien partidari buelta eman. Izan ere, partidaren lehen erdia oso orekatua izan ostean, hamarna ere joan dira, hein handi batean gorriek egindako huts batzuei esker, Senperena-Merino 11-19 ere aurreratu dira. Olano-Lizasok, ordea, ez dute amorerik eman eta atzelariaren erakustaldi bati esker, bikain mugitu du pilota alde batetik bestera, partida orekatzea lortu dute, 21-21. Azken txanpan, ordea, urdinak sendoago aritu eta txapelak eskuratu dituzte.

Emakume Master Cup


Bestelako informazioa:

 

Joku arautegia

Txapelketaren antolakuntza